XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Atea zabalik zen eta, atalaseko harriaren gainean geratu nintzen, zurt, baina sartzeko adorerik gabe.

- Mihiaren erdi bat elizarako izan duk beti orain arte aldarri egin zuen Osabak, zutunik, beste gizon guztiak aldarearen inguruan jesarrita zirelarik.

- Ba mihiaren erdi bat elizarako bada, beste erdia Prebostearentzat izango duk, eta kittu erantzun zion Maiordomoak, Elizalde jaun ordurako madarikatuak.

- Mihiaren beste erdia moiletako matxurak konponitzeko behar diagu, arraioa! Muskuiluk birao egin zuen, eta eskuetan zuen ardao-zahatoari astindu galanta eman zion gero.

- Ondo! Hilario Elizaldek, Maiordomoaren benaz, bakerako bidea proposatu zuen, bere ustez.

Ba, mihiaren erdi bana Elizak eta moilak..., eta balearen erdi bat Prebosteak; beste erdia, zuok gizonontzat.

Guztiak, Osaba, Maiordomoa eta besteren bat kenduta, edaten eta jaten ari ziren batzarrean.

Hangoa bai atralaka.

Hantxe ziren gure Maria Angeleseko karelen artean balearen bila joandako guztiak.

Han zen Bittoriano ere argoi, bera zen zezenzalea buruari tente eusteko eran igartzen zitzaiola.

Begira geratu nintzaion, soraio.

Heriori atzaparretatik gizon haren bizia zelan kendu nion ekarri izan nahi nuen gogora eta ez nuen besterik lortu ene baitan baleen berbaroa aditzea baino, baleak bertan banitu bezain ozen aditu ere.

Eldarnioren sukarrak jo ote ninduen?

Ezarian-ezarian, begiak haren paparraldera joan zitzaizkidan; gurutzearen hantura igartzen saiatu nintzenean, burua makurtu zuen.

Nire onera etorri nintzenean ez nuen beste berbarorik aditu hango gizonena baino.

Portuko beste txalupetako maestreak, tostartekoak, talaierua, benterua, denak ziren batzarrean, eta denen artean Ustrumana ageri zen nabarmen, xurrutik edo mokadurik egin gabe.